Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu dute ETAk ez zuela Egunkaria-ren sorreran parte hartu eta ez zutela horretaz erakunde armatuko “batzorde eragilean” “batere” hitz egin. Akusazioak eskatuta, lekuko gisa deklaratu dute hirurek, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Egunkaria-ren aurkako epaiketako hirugarren saioan. (Berria.info)
Txelisek aitortu du erakunde armatuan kargu politikoa izan zuela -Poliziak ETAko zuzendaritzako kide nagusietako moduan jo zuen atxilotu zutenean-, eta adierazi du ETAk ez zuela inoiz sustatu kazetarik, ez zuela esku-hartu Egunkaria-n. “Egia da esaten ari naizena”, azaldu du. Miguel Angel Carballo fiskalak galdetu dio ea ETAk interesik izan al zuen Egunkaria sortzeko, eta Txelisek erantzun dio “interes soziala” besterik ez zutela eduki, “euskara garatu zitekeelako” egitasmo harekin.
Dorronsorok esan du ETAn ez zutela “batere” hitz egin Egunkaria-z, eta Gisasolak adierazi du berak, etakidea zen garaian, proiektuari buruz ezer ez zekiela.
Polizia iturrien arabera, Egunkaria-ri buruzko dokumentuak atzeman zizkieten preso haiei, atxilotu zituztenean.
Guardia zibilek ere deklaratu dute
Guardia zibilak izan dira gaur deklaratzen aurrenak, haiek ere lekuko bezala, akusazioak eskatuta. Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi zuen Egunkaria Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an, kazetak bere sorreran ETArekin zerikusia izan zuelakoan, baina gaur ere guardia zibilek ez dute Egunkaria-ren kontrako frogarik aurkeztu.
Akusazioetako eta defentsako abokatuak aritu dira galderak egiten guardia zibilei. Ondorioz, Carballo fiskalak ez du galderarik egin, uko egin dio aukera horri. Horixe egin zuen epaiketako lehen bi saioetan. Gaur presoei baizik ez die galdetu. Hain justu, Egunkaria-ren aurkako frogarik ez zegoela argudiatuta, auzibide garaian kasua ixteko eskatu zuen fiskalak -defentsak ere bai-, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen aintzat hartu eskaera. Gaur guardia zibil batek esan du kasua artxibatuta zegoela uste zuela.
Atxiloketa garaiaz ere aritu dira hizketan guardia zibilak eta dena “normal” joan zela esan dute. Hainbat atxilotuk torturak jaso izana salatu zuten.
Hurrengo saioa, hilaren 25ean
10:38an hasi da gaurko saioa -hitzordua baino ia 40 minutu beranduago-, eta 12:33an amaitu da. Hilaren 25ean (astelehena) segituko du epaiketak, beste lekuko batzuen deklarazioarekin. Epaimahaiak 27an irakurri nahi ditu ondorioak. Orduan bukatuko litzateke epaiketa, eta epaiaren zain geratuko lirateke.
Javier Gomez Bermudez da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado dira beste epaileak.
Ex-membros da ETA negam vinculações do grupo com ‘Egunkaria’…
Três ex-membros da ETA negaram qualquer vinculaçom do grupo armado com a criaçom do jornal ‘Euskaldunon Egunkaria’, fechado há sete anos vinculando-o à ETA. Foi no juízo contra cinco directivos do rotativo que se desenvolve na Audiência Nacion…
Aipua by chuza.org — 2010(UTC)k2010 urtarrilaWed, 13 Jan 2010 17:47:28 +0000UTC1 13(pm) @ 17:47