«Guadiana» ez da bukatu

2010, urtarrilak 30

asa.jpeg

Egunkaria auziko auzipetuek Guadiana epaiketa deitu izan dute beren artean. Izan ere, abenduaren 15ean hasi zen epaiketa, urtarrilaren 12an jarraitu zuen, gero berriz aste honetan izan du segida, eta datorren astean amaitzea espero da. Espainia eta Portugal artean iragaten den ibaiarekin konparatu dute, agertu eta desagertu egiten delako bere ibilbidean. Auzipetuek, ordea, argi daukate epaiketak eten luzeak izan arren ez dela bukatu. Joan Mari Torrealdai euskaltzain oso eta auzipetuaren ustez, lehen zatia baizik ez da bukatu, eta bigarrena hasteko dago. Bertze behin ere, eskertu nahi izan ditu orain arte lagundu dituzten herritar, elkarte, eta erakundeak, baina gisa berean animatu nahi izan ditu hemendik aurrera elkartasuna eta babesa erakusten jarraitzeko. «Oraindik bidea nahiko luzea izan daiteke. Segi dezagun Egunkaria libre! oihukatzen».

Atzo egin zituen adierazpen horiek Torrealdaik, Donostiako Bulebarrean Egunkaria-ren Aldeko Kultur Elkarteak deitutako elkarretaratzean. 25 bat lagun bildu ziren Egunkaria libre! leloa zuen pankartaren atzean, auzia salatzeko eta auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bertan egon ziren auzi nagusiko bost auzipetuak, alegia, Torrealdai bera, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria, eta auzi ekonomikoko Jose Maria Sors auzipetua. Haiei babesa erakusteko, berriz, elkarretaratzean parte hartu zuten Martxelo Toledo ESAITeko kideak, Mikel Elorza abokatu eta idazleak, Garbiñe Ubeda kazetari eta idazleak, Mikel Arrizabalaga Elkar taldeko komunikazioburuak eta Iñigo Balda ezker abertzalearen Donostiako zinegotzi ohiak, besteak beste. Torrealdaik gogorarazi du ia zazpi urte pasatu direla «ametsa amesgaizto bihurtu zutenetik», eta orduan egin zuten bezala jarraitu behar dela «bidegabekeria» salatzen.

Epaiketaren etenen atzean ez du uste gogo bereziren bat dagoenik. Haren ustez, Auzitegi Nazionalaren egutegi arazo bat baizik ez da. Aldiz, argi dauka Dignidad y Justiciaren lekukoak eta auziaren perituak pertsona berak izatea eskandaluzkoa dela. Baina harritu ez da harritu, kasu askotan gertatu delako. «Ezin da epaile eta auziaren alde batekoa izan, baina Auzitegi Nazionala Auzitegi Nazionala da, eta badakigu han horrelakoak gertatzen direla». Are lotsagarriagoa iruditzen zaio, lekuko gisa deklaratzean onartu izana «inongo lotsarik gabe» haiek zutela auzia «bizi-bizi» bultzatu epaiketa egitea lortu arte.

Gisa berean, Torrealdaik ez dauka inongo zalantzarik lotsagarria dela dokumentuen itzulpenen kalitatea. Baina hor ere ez zaio kasu bakarra denik iruditzen. Arazo orokorra da, haren erranetan. Baina jakin badaki oso eragin handia izan dezakeela epaian. «Itzulpenak oso txarrak dira, eta asko baldintza dezakete erabakia, epaimahaiak ez daukalako egiara edo errealitate historikora iristeko beste modurik».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>