Koldo Aldabe (Berria)
Egunkaria auzia amaieran. Epaiketa osoan argi geratu da, hasi aurretik, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zutenetik, argi zegoena. Ez da herri akusazioek auzipetuak errudun direla frogatu ez dutela; ez da fiskalak erruduntasuna frogatzerik ez dagoela dioela. Defentsak ere errugabe direla frogatu du. Eta Auzitegi Nazionalean hori ere frogatu beharra dago, nahiz eta ez den berme nahikoa absoluzioa lortzeko.
Bai, epaiketa ere irabazi egin da. Zazpi urte betetzear, orduko operazio hura gezurraren gainean eraikia izan zela erakutsi da Madrilen. Euskal Herrian ez zegoen erakutsi beharrik. Euskal Herrian hasieratik ulertu zen operazio honen gezurra.
Bai, epaiketa irabazi egin da. Bai, baina… epaia falta da. Absoluzioa, besterik ez da onargarri. Absoluzioak berak ere, ordea, ez du balio egin den kalte guztiaren ordain gisa; ordainaren hasiera gisa apika. Absoluzioa, besterik ez dela onargarri esatea, ordea, Espainian Justizia badela esatea litzateke. Horregatik zalantza…