Garbine Ubeda Goikoetxea (Berria)
Hondamendi lazgarrienak bistaratu zaizkit Begia jartzen hasi naizenez geroztik. Tsunami, sumendi, istripu aeronautiko, sute nahiz leherketak ikusi ditut irudietan, bost hilabeteko tartean; lurraren, bizitzaren ahultasuna erakusten duten katastrofeak eta giza miseriaren erakusle diren egoerak, denak lotuta.
Gertatutakoa gertatuta, berriz ere gerta litekeena ekiditeko han eta hemen programatzen diren simulakroak heldu ohi dira gero. Irudi danteskoen burrunban, beldurrak seriotzen dituen protokoloak eta antzerki pedagogikoak. Eta erlatibizatzea. Eta ohitzea. Eta, azkenik, ahanztura.
Egunkaria-ri begira jar naiteke. Euskalgintzak bizi izan duen katastroferik handienak utzitako lorratzari. Batzuek larrutik ordaindu dituzten ondorioei. Atzetik heldu den laguntzari. Simulakroak behar genituzke orain. Gertatutakoa gertatuta, berriz ere euskalgintzan gerta litekeenari urrunegi joaten utziko ez dion protokoloa. Hurrengo pausoei bidea eman aurretik.