Mikel Elorza (Berria)
(…) Politika egiteagatik preso daudenez, fidantzapean aske uzten dituzte baina politika egin dezaten galaraziz. Epaileek, zeinek, Madrilgo beren etxe santu horretatik, aurrea hartzen dioten botere legegileari eta bidea erakusten, nola jokatu antiterrorismogintzan. Gomez Bermudez magistratuak esan zuen, Auzitegi Nazionala zigor alorrean abangoardia zela, Iruñean emandako hitzaldi batean (AN Bloque Dirigente jar zekiokeen izena txostenari, bai horixe!). Legea dituen bermerik oinarrizkoenak galdu arte bihurritu behar badute ere, horixe egiten baitute. Egunkaria-ren auzian erabakia hartuko du horrexek berak. Hartua izango du dagoeneko. Eta aldekoa espero dugu, eta hala izan dadila, baina onik ateratzen bagara honetatik balio dezala gogoratzeko bidean zenbat galdu dugun. Egunkari bat geneukan eta kendu egin ziguten, Guardia Zibilaren haginduz epaile batek aginduta, hainbat lagun atxilotu eta torturatu zituzten, guztiok ezagutzen ditugun ondorioekin, eta orain epaitu dituzte, terroristak direlakoan. Epaileek esango digute Egunkaria terroristen habia, babesleku eta sustengu izan zela, guk dakigunaren gainetik.