Bost auzipetuak errugabe jotzea espero du Eusko Legebiltzarrak

2010, otsailak 26

bildu164_3514.jpg

Absoluzioa espero du Eusko Legebiltzarrak Egunkaria auziko bost auzipetuentzat. Fiskalak haien aurkako akusazioak bertan behera utzi ondotik, auzia «behin betiko» eta modu «egokian» bukatzea «desio» duela adierazi du. Hala, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu berri dituen Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga errugabe jotzeko nahia azaldu du. Era berean, «kezka» agertu du Euskaldunon Egunkaria itxi zenetik auzipetuek duten «lan egoeragatik» eta «egoera pertsonalagatik».

Legebiltzarrak babes handiarekin onartu du ekimena: aldeko 58 boto izan ditu (EAJ, PSE-EE, Aralar eta Ezker Batua), eta kontrako 14 (PP eta UPD). EAk bozketan parte ez hartzea erabaki du, uste duelako onartutako ebazpena ez dela nahikoa, absoluzioa eskatzea «desioa» baino gehiago Legebiltzarraren «exijentzia politikoa» izan beharko litzatekeelako. Gainera, adostutako testuan auzipetuek salatutako torturen aipamenik egiten ez delako erabaki du Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak boza ez ematea.

Egunkaria auzia-ren epaiketa amaitu berri dela eta auzipetuak epaiaren zain direla onartu du Eusko Legebiltzarrak auzipetuen aldeko adierazpena. Eta PSEren babesa lortuta egin du. Jatorrizko proposamena Aralarrek aurkeztu bazuen ere, sozialistekin adostutako testua izan da Legebiltzarraren babesa lortu duena. Hasiera batean, auzipetuei elkartasuna adierazi eta auzia hasi zenetik haiei egindako kalteak konpontzeko eskaria egin zuen Aralarrek bere proposamenean, baina osoko bilkurako eztabaida hasi zenerako beste testu bat hitzartzea lortu zuen PSE-EErekin. Izan ere, taldeen arteko adostasunik ezean, proposamen batek berak ere ez zuen gehiengorik aurrera ateratzeko. Hori horrela, PSEkoek aurkeztutako osoko zuzenketarekin erdibidekoa adostea lortu zuten Aralarrekoek, hura aurrera ateratzeko babesa ziurtatuta.

Lortutako akordioa begi onez jaso zuten EAJk eta EBk ere, eta erdietsitako adostasun zabala pozez jaso zuten alde bozkatu zuten talde guztiek. Aralarreko Oxel Erostarbek baikortzat jo zuen Legebiltzarrak onartutakoa: «Aurrepausoa izango da, berriro gerta ez dadin balio badu». Andonio Ortuzar EAJko legebiltzarkidearen esanetan, lortutako adostasuna Egunkaria auzia-n egindako kaltea ahal den neurrian konpontzeko «sinboloa» ere bada. Eta Mikel Arana Ezker Batuko ordezkariak aitortu zuen nahiago zuela Aralarren jatorrizko proposamenaren edukia, baina pozez hartu zuen akordioa, Legebiltzarrak Egunkaria auzia artxibatzeko eskatuz 2005ean onartutakoak baino babes handiagoa izan duelako.

Kaltea, «konponezina»

Euskaldunon Egunkaria ixtea «salbuespeneko neurria» dela eta egindako kaltea «konponezina» dela salatzeko orduan, bat egin zuten EAJ, PSE, Aralar, EA eta EBren taldeek. Halaber, euskarazko kazeta itxi zenetik epaiketa egin den arte igarotako denbora «gehiegizkoa» dela salatu zuten, bai eta auzipetuak errugabe jotzea espero dutela adierazi ere. Martxelo Otamendi, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai babesa emateko baliatu zuten euren txanda EAJ, Aralar, EA eta EBk, haiek gonbidatuen eserlekuetatik jarraitzen ari baitziren eztabaida (argazkian).

PSEk botereen banaketari eta botere judizialaren independentziari «errespetu osoa» diola argi utzi nahi izan zuen eztabaidan. PPko Carlos Urkijok egindako kritika gogorrak zirela eta, bere burua defendatu zuen PSEko Jose Antonio Pastorrek: sozialistek auzipetuen absoluzioa espero dutela adieraztea «iritzia» ematea dela argitu zion, ez direla ezer exijitzen ari, eta beraz ez direla Justizian eskua sartzen ari. Pastorren hitzetan, PSEk auzi honetan «koherentziaz» jokatu du, besteak beste, «betidanik» egon delako diru publikoarekin lagundutako euskarazko egunkari baten alde.

Aralarrek gogoratu zuen Egunkaria ixtea «legez kanpoko neurria» izan zela, eta dagoeneko «mina» eginda dagoela. Egindako kalte pertsonala, fisikoa zein gizarteari egindakoa nola konponduko duen galdetu zion Oxel Erostarbek Espainiako Gobernuari. Onartutako ekimena adierazpen askatasunarekin eta zenbait pertsonaren «izen onarekin» zerikusia duen «justizia eta kalteordain ekintza» bat zela adierazi zuen EAJko Andoni Ortuzarrek. «Euskaraz idatzitako egunkari bakarra itxita, euskaldunok informatuak izateko askatasunaren zati bat galdu genuen», erantsi zuen.

EAko Jesus Mari Larrazabalen aburuz, «oso larria» da adostutako testuak tortura salaketak aintzat ez hartzea. «Estatuko zerbitzariak torturak erabilita eskaini zioten zerbitzua Estatuari», azaldu zuen. EBko Mikel Aranak ere deitoratu egin zuen Estatuak behar bezala ikertu ez izana auzipetuen tortura salaketak.

PP eta UPDrentzat, ordea, «lotsagarria, eskandalua eta onartezina» da Legebiltzarrak onartutakoa, eta Justizian eskua sartzea leporatu zieten gainerako taldeei. Bereziki PSEren jarrera kritikatu zuen PPk: Patxi Lopez lehendakaria denetik egin duen «akatsik larrienetako bat» dela esan zion. Carlos Urkijok ziurtzat jo zuen Egunkaria ETAren menpe zegoela, eta tortura salaketekin segurtasun indarren lana zikindu nahi dela salatu zuen.

Legebiltzarraren erabakia dela-eta, auzipetuak pozik

Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria pozik agertu dira Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakiarekin, «adostasun handiz» izan delako. Onartu dute eztabaidan entzun dituzten gauza batzuk mindu dituztela, baina adierazpen askatasuna da, haien ustez, haiei ukatu zitzaiena bere garaian. Legebiltzarrean izan dira hirurak, gonbidatu gisa.

‘EGUNKARIA AUZIA’ EUSKO LEGEBILTZARREAN

2003ko martxoaren 7a. Itxieraren salaketa. Euskaldunon Egunkaria itxi eta 15 egunera indarkeriazko itxierari buruzko salaketa proposamena bozkatu zen Eusko Legebiltzarrean, baina ez zen onartu. Sozialista Abertzaleak (SA) taldeko lau ordezkari alde agertu ziren, PSE-EE eta PP aurka eta EAJ, EA eta EB abstenitu egin ziren.

2004ko ekainaren 21a. Uria askatzeko eskaera. Iñaki Uriak hamasei hilabete kartzelan zeramatzala, Eusko Legebiltzarrak hura askatzearen aldeko eskaera egin zuen. EAJ, EA, EB eta SAk alde bozkatu zuten (39 boto). PSE-EEk, PPk eta UAk aurka egin zuten (29 boto).

2005eko azaroaren 11. Auziaren aurkako salaketa. Auziaren aurka bozkatu zuen Legebiltzarrak EAJ, EAB, EA, EA, Aralarreko 40 botorekin. PPk aurka egin zuen, eta oraingoan PSE-EE abstenitu egin zen.

2010eko otsailaren 25a. Auziaren absoluzioaren alde egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. EAJ, PSE-EE, Aralar eta Ezker Batuak testuaren alde bozkatu dute, PP eta UPDk kontra. EAk bozketan parte ez hartzea erabaki zuen, uste duelako onartutako ebazpena ez dela nahikoa, absoluzioa eskatzea «desioa» baino gehiago Legebiltzarraren «exijentzia politikoa» izan beharko litzatekeelako.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>