AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea kexu agertu da, Eusko Legebiltzarrak absoluzioa eskatu duelako Egunkaria auziko bost auzipetuentzat. Elkartearen arabera, “epaileen lana baldintzatzea” da adierazpenearen helburua. “Eskandalagarria da Eusko Legebiltzarraren gisako erakundeek adierazpenak egitea prozesu judizial bati buruz, eta saiatzea epailearen erabakia baldintzatzen. Areago terrorismoaren aurkakoa bezalako gai kontuzko batean”.
Eusko Legebiltzarrak absoluzioa eskatu zuen atzo Egunkaria-ko bost auzipetuentzat, eta kezka agertu zuen haien egoeraz. EAJk, PSE-EEk, Aralarrek eta EBk babestu zuten ekimena, PPk eta UPDk aurka bozkatu zuten, eta EAk ez zuen parte hartu. Jesus Mari Larrazabalek (EA) adierazi zuen ez zuela parte hartuko, auzipetuek ustez jasandako torturei buruz ez duelako ezer esaten adierazpenak. AVTk EAren aurka jo du. Haren arabera, “onartezina” da Espainiako segurtasun indarrei torturak leporatzea.
“Adierazpena atzerapausoa da ETAren aurkako borrokan”, adierazi du gaur AVTk. “Guztia da terrorismoa: pistolaren katua sakatzen duena, eta beste alor batzuetatik laguntzen duena”.