Otsailaren  28an  Gorbeiara Egunkaria-ren  aldeko  ibilaldia  egin  zuten  hainbat  lagunek,  eta  Juan  Mari  Juaristik  eta  Felipe  Zelaietak  honako  bertsoak  abestu  zizkioten  Joan  Mari  Torrealdai  auzipetuari.
Juan  Mari  Juaristi
Guardia Zibilak sartu zirela
izan genuen albiste,
gerora itxi egin zutela,
geratu ginen hain triste;
heriotzara kondenatuta
artean oraindik gazte…
elkartasunez bildu gara hemen
denok justizia eske,
Egunkaria-k libre behar du
eta  auzipetuak  aske.
Felipe  Zelaieta
Egunon denoi goizean goizik
batzuk ohitura dutenez,
Muruan bertan elkartu gara
Joan Mariri emanez babes.
Injustiziari aurre eginda
pankarta jarrita trabes,
foto polit bat atera ezazu,
fotografoa, mesedez;
argazki asko egiten dira,
baina  honelakorik  ez.
Felipe  Zelaieta
Egun batean aurkitu gendun
Egunkaria itxita,
modu honetan jarrita dago
gaur egungo politika,
Sarri erakutsi digu bidea
euskaran alde jarrita,
hunkigarria da guretzako
Torrealdairen bisita,
orain hitz batzuk botako ditu
mintzatzen  be  ondo  daki  ta!
Felipe  Zelaieta
Legeak hemen badaki eta
izaten nahiko krudela
Egunkaria itxi egin zuten,
bai atsekabe itzela!
Juan Mari libre egongo zara,
ezin da izan bestela,
eta jakizu Araban ere
euskaldunak badaudela…
Gure omenez jaso ezazu
euskaldun  onan  txapela.
Juan  Mari  Juaristi
Berehalaxe dena ixteko
hartu zituzten neurriak,
nahiz ta protestak ez ziren izan
bakanak edo urriak.
Oroitzapenak bizirik daude.
Haiek momentu larriak!
Behingoagatik dena amaitzea
hori eskatzen du herriak,
auzipetuak libre direla
idatz dezala Berria-k.



