Egunkaria auzia-n epaitu zituzten bost lagunak absolbitzea espero eta desio du Jean Haritxelhar euskaltzainburu ohiak. Hala adierazi du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. “Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi eta besteak zuritzea espero dut”, esan du. Izan ere, itxuragabea iruditzen zaio Egunkaria-rekin gertatutakoa: “Astakeria izugarria egina du Espainiako Gobernuak”, salatu du.
Espainiako Auzitegi Nazionalak datorren astelehenean emango du epaia. 2003ko otsailean itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko kazeta, eta iragan abenduan hasi eta otsaila bitartean egin zen epaiketa.