Espainiako Auzitegi Nazionalak datorren astelehenean emango du Egunkaria auziko epaia, martxoaren 26an iragarri zuenez. Epaia modu arruntean kaleratuta ezagutaraziko du; hau da, ez du epaiaren irakurketa publikorik egingo eta epaituek ez dute Auzitegi Nazionalera joan beharrik izango.
Iazko abenduaren 15ean hasi eta joan den otsailaren 1ean bukatu zen han Egunkaria-ren itxierari buruzko epaiketa; Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatzen dute epaimahaia.
Miguel Angel Carballo fiskalak eta defentsak Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen absoluzioa eskatu zuten epaiketan, haien aurkako frogarik ez dagoela iritzita. Fiskalak absoluzioa eskatzeko argudiatu zuenez, Eigunkaria argitaratu zen hamahiru urteetan “ez da lerro bakar bat ere aurkitu” kazetak ETAri “zerbaitetarako balio ziola” pentsaraz dezakeenik.
Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, Torrealdai, Uria, Auzmendi eta Otamendi 14na urtez espetxeratzeko eskatua dute eta, horrez gain, bakoitzari 15 urteko inhabilitazioa ezartzeko. Oleagarentzat 12 urteko kartzela zigorra eta 14 urteko inhabilitazioa eskatua dute.
2003ko otsailaren 20an itxi zuen Egunkaria Guardia Zibilak, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, kazetak eta ETAk lotura zutelakoan. Hamar lagun atxilotu ziuzten eta haietako askok torturak jaso izana salatu zuten.
Auzi ekonomikoan ere epaiketa egingo dute
Itxierari buruzko kasuaz gain, auzi ekonomikoa ere badago, eta zortzi lagun epaituko dituzte -ez dago epaiketa hasiera eguna jarrita-. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu epaituko dituzte, eta haientzat 13 eta 26 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte, eta 235 milioi euroko isuna.