Koldo Aldabe (Berria)
Amaitzear da Garizuma baino luzeago egin den Pazko astea. Auzitegiek atseden hartu ez, eta Espainiako demokraziaren, sistemaren ustela eta lotsaizuna agerian utzi duen astea.
Eta auzitegietatik hasiko da, bihar, garaipenaren hasiera behar duen ospakizun astea. Justiziaren —ez Espainiakoaren— hasieraren ospakizunarena. Auzitegietatik espero den epai bakarra absoluzioa delako.
Auzia 2003ko otsailaren 20tik beretik irabazi zelako, itxierarekin berarekin, gezurraren oinarri diren torturekin, jendea orean urtu zen kale erakustaldiarekin, Egunero-rekin, oinordeko izan zen Berria-rekin, Hitza guztiekin, proiektu guztiekin, urteurren guztiekin, auzipetuek urteotan eta bereziki azken hilotan jaso duten elkartasun uholdearekin.
Epaiketa Auzitegi Nazionalean irabazi zelako; duintasunarekin, arrazoiarekin.
Epaiak behar du absoluzioa izan. Egunkaria libre. Ez dugu besterik onartuko.