‘Egunkaria’ absolbitua

2010, apirilak 12

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin du, beraz, Egunkaria. Gaur atera du epaia, 12:50 aldera. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu dute epaimahaia, eta aho batez hartu dute erabakia. Hemen sententzia.

Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez zutela harremanik izan ETArekin. Egunkaria ixteko erabakiak Espainiako Konstituzioaren babesik ez zuela izan esaten du epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea kontuan hartu, kazeta itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Epaiaren arabera, salbuespen egoerarik egon ezean Konstituzioak ez du ahalbidetzen hedabideak ixtea, “delikuentzia terrorista” kasuetan ezin da halako neurririk hartu.

Hedabideak ez dira, epaileen ustez, “beste edozein enpresa”, “gizarte demokratikoan oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren eskubideak gauzatzeko tresna direlako”.

Euskarazko kazeta hark, epaiaren arabera, “ez zuen mehatxurik egiten, ez zuen delitua probokatzen, ez zuen ekintza terroristen apologia egiten edo ez zituen goresten, ez zuen kalumniarik egiten”.

Itxierarekin adierazpen askatasunaren eskubidea urratu zela dio Auzitegi Nazionaleko epaiak. Gainera, “pluralismoaren perspektibatik”, Egunkaria euskaraz argitaratu izana ere kontuan hartu behar dela esaten du.

Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuen aurka, bostek ETArekin harremana izan zutelakoan, baina epaimahaiak ez du bost auzipetuen aurkako ezer ikusi. Honek ebatzi duenez, herri akusazioek ez zuten “froga zehatzik” eta “susmoen gainean” egin zuten akusazioa. “Euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen oro ETAk sustatzen eta kontrolatzen dituela diote [herri akusazioek eta Guardia Zibilak], baina datuen balorazio okerra egitea da hori. Akusazioa ahula da eta oinarririk gabea”. Egunkaria-k ez du harremanik ETArekin, dio sententziak; bestelakorik esatea, “espekulazio hutsa da”.

Tortura eta tratu txarren salaketak

Auzipetuek atxiloaldian inkomunikazio garaian tortura eta tratu txarrak jaso izana salatu zutela dio Auzitegi Nazionaleko sententziak -“epaiketan detaileekin kontatu zuten”-, baina dio epaimahaiak ezin duela halakorik gertatu zela “juridikoki” esan. Dena dela, “inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik ez zen egon”, dio.

Helegite aukera

Gaurko epaiak, ordea, ez du Egunkaria auzia bukatutzat eman. Batetik, Dignidad y Justicia eta AVTk Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute, helegitea sartuta.

Bestetik, auzi ekonomikoak zabalik segitzen du eta epaiketaren zain daude zortzi auzipetu.

Auzipetuen agerraldia bihar

Torrealdai Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, Uria Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria eta kazetako zuzendaria, Auzmendi Administrazio Kontseiluko idazkaria, Otamendi Egunkaria-ko zuzendaria eta Oleaga zuzendariordea.

Bostek bihar egingo dute epaiari buruzko balorazioa hedabideen aurrean, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30etik aurrera. Berria.info-k zuzenean eskainiko du agerraldia.

Epaiketa, abenduaren 15etik otsailaren 1era arte

Iazko abenduaren 15ean hasi zen epaiketa eta otsailaren 1ean bukatu zuten. Auzipetuek Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna aldarrikatu zuten deklarazioetan, eta egitasmoa plurala zela berretsi zuten defentsaren lekukoek. Guardia zibilek ez zuten auzipetuen aurkako frogarik aurkeztu, baina kazeta ETAk sortu zuela zioten.

Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro, Carmen Gisasola eta Txomin Aizpurua Egunkaria-ren sorrera garaian ETAko buruzagi zirenek azpimarratu zuten erakunde armatuak ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Gainera, auzipetuei atzemandako agirien itzulpenetan akats ugari dagoela erakutsi zuten defentsaren perituek.

Epaiketa amaitu zenean, defentsak eta fiskalak absoluzioa eskatu zuten, auzipetuek deliturik ez zutela egin argudiatuta. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak auzipetuentzat, ETArekin lotura eduki zutelakoan.

2003an itxi zuten ‘Egunkaria’

Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, Del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, kazetak ETArekin harremana zeukala egotzita. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (hau 2006an hil zen) eta Inma Gomila atxilotu zituzten.

Otsailaren 22an manifestazio historikoa izan zen Donostian, milaka eta milaka lagun bildu zirelako operazioaren aurka eta Egunkaria-ren alde. Hasiera-hasieratik elkartasun handia izan da.

2 Comments »

  1. Aurrera Egunkaria!

    Azkenean justizia apur bat ikus daiteke. Pozgarria izango litzateke berriz ere Egunkaria kioskoetan ikusi ahal izatea.

    Comment by Eneko — 2010(UTC)k2010 apirilaMon, 12 Apr 2010 15:35:41 +0000UTC4 12(pm) @ 15:35

  2. Des de València enhorabona i endavant! Una forta abraçada.

    Comment by Francesc Juan — 2010(UTC)k2010 apirilaMon, 12 Apr 2010 17:33:44 +0000UTC4 12(pm) @ 17:33

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>