Xabier Lekuona (Berria)
Joan Mari, Iñaki eta Txema zigortu dituzte. Xabier eta Martxelo libre. Bidegabekeriak ez du etenik. Ezin dugu Auzitegi Nazionaleko justizian sinetsi. Euskal Herriaren eta, bereziki, euskalgintzaren kontrako epaia izan da. Estatuaren zentzugabekeria. Mina, amorrua, eta protesta ekitaldiak: Antiguako tunelean hitzordua. Zazpi urte eta gero, berriro.
Gerta zatekeen.
Zorionez, ez. Egunkaria libre! zioen banderatxoa kendu dut etxeko balkoitik. Haizeteek astindua, astelehenera arte iraungo zuen zalantzak nituen, baina ez-justiziari esker, birziklatzera eraman dut. Pozik, gainera.
Gerta zatekeen. Baina egungo Moncloak ezetz erabaki du. Orain ez zen komeni -auzi honetan aurreko Moncloaren esku-sartzea baino gehiago Auzitegi Nazionaleko epaile baten hanka-sartzea ikusten duenak hobe du okulistarengana joan-.
Martxelo ez da Jabier Salutregi baino zuzendariagoa. Joan Mari Torrealdai ez da Jose Luis Elkoro baino presidenteagoa.
Presoak etxera dioen banderatxoa jarriko dut orain. Bidegabekeriak ez duelako etenik. Zuzenbide estatu horretan, botereak hain ongi bereiziak omen dauden aldameneko estatu horretan, ez-justizia Moncloan banatzen dela jakiteak lasaitzen nau. Herritarren mobilizazioak justizia egin dezake.