Itxaro Borda (Berria)
Teletipoak ttipittapari itseskatu dira, berria erori da, aspaldian igurikatzen zena: Egunkaria auzia-n epaitu bostak atsolbitu dituzte. Poza bihotzetan, ikusi duzu kargurik gabe atera dira, kontent nüzü hagitz, erran zidan laneratzean Santizpiritu ekiztatuan gurutzatu nuen zuberotar lagunak. Kezka buruan ordea, kirets bezain karats, 2003tik kasuari min asko txertatu zaiolako. Denbora eta energia galtze xurgatzaile baten antzera.
Terrorismoaren aurka bermatzearen aitzakiaz Espainiar estatuak zinezko racket ekonomikoa obratzen du azken hamarkada hauetan. Sosa irabazi du Egunkaria dela medio. Agian bahitu dirua itzuliko zaie eta akusatu ohien memoria garbituko dute. Racket politikoa halaber Madriletik kudeatu alderdiek, abertzaleek bortxaz desertatu eremuak huts aurki ditzaten beraien boterea landatzeko. Bidenabar ohartzen gara ere, espainiar buruzagien betekizunetan ETAk zenbat balio duen: urrezko giltza da. Ez dut demokrazia aipatuko, beharko nukeen arren.
Egunkaria-rekin gertatua begibistan edukiz, ez da komeni Espainia Europako kide izatea, izparringiak zerratzea eta alderdi politikoak debekatzeagatik Turkiari Brusselako ateak sudurrera klaskarazten zaizkiolako.
O Happy days…