Luzien Etxezaharreta (Berria)
Iragan urte bukaeran, auziaren garaia, zirudienez, etortzera zihoala, Egunkaria-ren sustengu kanpainan, bideo labur batek alderatzen zituen New Yorkeko bi Twin Towers-en hondatzea, Gernikaren bonbardaketa eta euskal munduari egiten zitzaion erasoa. Munduan gertatu protesta eta aipamen olatuarekin batera ikusten zen ere Donostiako kalean egin zen protesta erraldoia ere. Zuhurtzia zerbaitek bultzatu galderak zion ere gehiegizko alderatzea zitekeela.
Aipamen olatua Frantziako prentsan hargatik, euskal munduari dagokionez, ez zen batere maila berdinekoa. Espainian euskal terrorismoaren akabatzea eta Egunkaria-ren ixtea sare berean jartzeaz jende gutxi harritu zen, egia erran, hainbestetarainokoak ordu arte atereak izan baitziren jadanik.
Historialariek Gernikaz argitaratuak dituztenetan, albistearen oihartzuna ezkutatu ezina zela ikusten da. Isiltasunaren bideratzeko, zalantza bultzatu zen: Pariseko Havas agentziaren jukutria ezaguna da, nola «erdi albistea» bidaliz, «gorriek» berdin erre zuketela herri bizkaitarra, susmoa hazi zen.
Nola gara gaur Audiencia Nacionalaren erabakitik at? Justiziaren ur ttanttak (ez gaiten gaiztoak izan, badu erreka baten antza), itsaso bilakatuko direla susma dezagun ere. Baina Frantziako prentsaren isiltasun luzeak, euskaldunentzat, baina ere Europan libertatean eta demokrazian sinesten dutenentzat ere, mingarriak dira. Gure nortasunaren ukapena hor da, eta bereziki gure errealitateari begiradarik ez emateko gogoa. Hori litzateke lazgarriena. Zergatiak ainitzak ziur aski, auzoko txakurra dena kukuso, bai baina, hemen ere zorigaitzezko alderatzeek iturriak badituzte.