Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzian eta Ibarretxe auzia-n bezala, Fiskaltzaren akusaziorik gabe epaituko dute Baltasar Garzon epailea —Espainiako Auzitegi Gorenak hiru auzi dauzka irekita haren aurka—. Kasu horietan guztietan auzitegiek erabaki zuten auziarekin jarraitzea; beste batzuetan, Botin auzia-n adibidez, aurkakoa erabaki zuten.
Prozedura judiziala aldatzeko beharra aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Garzon Auzitegi Gorenaren aurrean eserarazteko orduan herri akusazioak izan duen garrantziak eraman du hausnarketa horretara. Mahai gainean jarri dute eztabaida. Eta jopuntuan jarri dute herri akusazioaren zeregina. Luciano Varela Auzitegi Goreneko epaileak auzipetu du Garzon, baina, alderdi sozialistako buruzagien arabera, «eskuin muturreko sektoreak» ordezkatzen dituen herri akusazioen «presioa» funtsezkoa izan da prozesu horretan.
Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak salatu du zenbait erakunde eta sindikatu herri akusazioaz baliatzen direla «instituzioak ezbaian» jartzeko. Espainiako fiskal nagusiaren arabera, talde horiek «Fiskaltza paraleloak» balira bezala jarduten dute auzibideetan, eta «beren sasi interesak defenditzeko» erabiltzen dute Justizia. «Haien helburuak gehiago dute politikotik juridikotik baino. Arazoak baino ez dituzte sortzen Justizian», adierazi du Conde Pumpidok.
Era berean, herri akusazioarekin soilik bultzatutako auzietan «auzipetuen oinarrizko eskubideen mugapena luzatu» egiten dela salatu du, eta Egunkaria auzia aipatu du horren adibide moduan.
Espainiako fiskal nagusiaren arabera, egoera horiek guztiak saihesteko, beharrezkoak dira lege aldaketak.