Mertxe Aizpurua, Koldo Alduntzin, Jon Altuna eta ‘Egin’ egunkariko beste hainbat langile ohi
Ustez ETAko kideak izateagatik eta delitu larriak egiteagatik auzipetuta zeuden herrikide batzuk errugabetu izana pozgarria da. Egia da Egunkaria auzia ez dela guztiz bukatu, akusazioek oraindik baitute Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera, baina, astelehenean ezagutu genuen epaiaren zorrotza kontuan izanik, zinez uste dugu badirela Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi, honetatik behintzat, libratu direla pentsatzeko nahikoa arrazoi. Orain errugabetu dituztenen ibilbide profesional eta humanoa ezagutzen dugu. Beraz, argi eta ozen esan nahi dugu ez dugula uste epaiaren ondoren garbi geratu direnik, ez baitugu inoiz sinetsi lizunduta zeudenik. Bestalde, errugabetzeak sortu digun pozak ezin du, inolaz ere, ahantzarazi urte hauetan guztietan gizabanako gisa pairatu duten bidegabekeria, ezta Egunkaria, euskal kulturan proiektu estrategikoa, suntsitu izana ere.
2003ko otsailean, Aznarren PP Gobernuan zegoela, Guardia Zibila Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera joan, eta egunkaria itxi egin zuen. Orduan, ez ziren gutxi izan ekintza hura txalotu zuten politikari eta komunikabideak. Beste batzuek, berriz, txalotu ez, baina, «den-dena ETA da» leloaren aitzakian, bidegabekeria justifikatu zuten. Orain, aldiz, egoera aldatu egin da, eta, hemen eta Madrilen, gutxi dira hura defendatzera ausartzen direnak. Are gehiago, epaia ezagutu ondoren, «lasaiago» geratu direla diote. Ezbairik gabe, hipokrisia eta epaiaren araberako diskurtso-aldaketa eguneroko kontu bihurtu dira. Alabaina, Euskal Herrian, ondotxo dakigu denbora honetan guztian zeinek egin duen bat Egunkaria-rekin eta auzipetuekin, eta zeinek aldatu duen jarrera, haize-orratza balitz bezala. Inork ez dezala bere burua engaina: Estatuak, baldin eta horretarako aukera aproposa berriz ikusten badu, euskal komunikabide gehiago itxiko ditu. Eta hari bost oraingo epaiak Egunkaria ixtea Konstituzioaren aurkakoa izan zela badio ere. Are gehiago, egunotan epaia ezagutzean «lasaitu ederra» hartu dutela diotenak berriro isilduko dira, eta, horien artean, berriro lintxatzaileekin bat egingo duenik ere egongo da.
Idatzi hau izenpetzen dugunok zuzen-zuzenean pairatu genuen Egin egunkariaren eta Egin Irratiaren itxiera. Bidegabekeria hartatik hamabi urte beteko dira laster. Egunkaria-ren eta Egin-en kontrako epaiketetan, estrategiak, argudioak eta ustezko frogak ere errepikatu egin dira; izan ere, paper batzuk, berberak, egunkari bat zein bestea kriminaltzeko erabili izan dira. 18/98ko epaileek ondorioztatu zuten Hernaniko egunkaria ixteko erabakia ere ez zela zuzena izan. Alabaina, Auzitegi Nazionalak ez zituen auzipetuak errugabetu, eta, ondorioz, Javier Salutregi eta Teresa Toda kazetariak, eta Jose Luis Elkoro, Patxo Murga, Pablo Gorostiaga, Xabier Alegria, Josean Etxeberria, Manu Intxauspe, Jesusmari Zalakain, Karlos Trenor eta Isidro Murga enpresako arduradunak, kartzelan daude, gogor zigortuta, Euskal Herritik urrun. Zein da Egin eta Egunkaria kasuen arteko desberdintasuna? Izan ere, inork ezin du sinetsi Egin-eko haiek denak ETAko kideak zirela. Komunikabideen ildo editorialak desberdinak ziren, bai; hori ote gakoa?, beharbada baten ildoa ez da bestearena bezainbeste zigortu?
Egunkaria itxi zuten Juan del Olmo epailearen erabakiz soil-soilik, hau da, sententziarik gabe. Eta datu hori behin eta berriro ekarri behar da gogora, aspertzeko inolako beldurrik gabe. Zeren eta erabaki horrek kalte konponezinak sortu baititu, baita inoiz kalte-ordain ekonomikoak lortuko balira ere. Enpresa bat, 1.500 akziodun, 150 langile eta milaka irakurle babes judizialik gabe geratu ziren. Eta hura, gainera, ez zen edozein enpresa, euskarazko egunkari bakarraren argitaratzailea baizik. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak prozesua abiatu, Guardia Zibilak txostenak idatzi eta Juan del Olmok Egunkaria ixteko agindu zuen. Ez ote dute inolako erantzukizunik? Ekintza guztiz bidegabea izan bazen, eta hain modu nabarmenean, gainera, orain ezagutarazi duten epaian argi eta garbi irakur daitekeenez, erantzuleek ez dute zigorrik merezi? Magistratu sindikatu batek, Juan del Olmo kolegaren jokaera zuritu nahian, zera argudiatu du: «Epaileok ere humanoak gara, eta hanka sartzen dugu». Bai, baina humanoak dira, eta humanoak bakarrik, kartzelara doazenak ere. Eta ez pentsa kartzela aipatzea boutade-a denik. Arkitekto edo mediku batek, utzikeriagatik edo inkonpetentzia profesionalagatik, hanka sartzen badu, eta kalte konponezinak sortzen baditu, lasai asko kartzelara joan daiteke edo, behintzat, lizentzia gal dezake (eta kalteak fede txarrez jokatu izanaren ondorioz balira, are errazago, jakina). Eta Egunkaria-ren kontrako bidegabekeriaren erantzuleak urratu txikienik gabe aterako al dira?, ezer gertatu izan ez balitz bezala? Komunikabide bat itxi dutenak zigorrik gabe geratzeak agerian uzten du Estatu espainola demokrazia kontuetan inguruko estatuen estandarren azpitik dagoela. Alabaina, epaiaren irakurketa interesatu bezain xelebreak entzuten ari dira; esaterako, sistemak funtzionatzen duela agerian utzi duela, justizia espainola garantista dela edota Auzitegi Nazionalak adierazpen askatasunaren alde jokatu duela. A ze sarkasmoa! Egunkaria itxita dago, langileak kale gorrian geratu ziren, atxilotuek tratu txarrak pairatu zituzten. Urte asko pasatu ondoren, Auzitegi Nazionalak zangoa atera du sartu zuen lekutik, baina ez du egindako kaltea konpondu eta, gainera, konponezina da. Hori al da justizia?
Ez dugu bukatu nahi Joan Mari Torrealdairi, Iñaki Uriari, Martxelo Otamendiri, Xabier Oleagari eta Txema Auzmendiri espresuki zorionak esan gabe. Zorionak, ez bakarrik errugabetu dituztelako; zorionak, urte hauetan guztietan duintasun handiarekin jokatzen asmatu dutelako baizik. Halaber, Egunkaria-rekin asko edo gutxi baina «bene-benetan» bat egin duten guztiei ere zorionak esan nahi diegu. Egia da akusazioek oraindik Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera badutela eta inputazio ekonomikoak ere hor daudela. Baina hori bezain egia da borroka hau, behintzat, irabazita dagoela, eta hori sekulako albistea da garaipenak ospatzera gutxi ohituta dagoen herri honentzat.
Artikulu hau ‘Egin’ egunkariko langile ohi hauek ere izenpetu dute: Martin Ansok, Idoia Arozenak, Joxerra Bustillok, Martxelo Diazek, Carlos Drondak, Amaia Ereñagak, Javier Etayok, Martin Garitanok, Iñaki Iriondok, Natxo Matxinek, Sabino Ormazabalek, Pablo Ruiz de Aretxabaletak, Ramon Solak, Jose Mari Uribarrik, Iñaki Vigor-ek eta Teresa Zarcok.