Barrebusa

2010, apirilak 18

Juan Kruz Lakasta eta Zaldieroa (Berria, ‘Serio demonio’)

Gaur, neska-mutil maiteok, asmakizun batekin hasiko gara: pipitaki, papataki, nik badakit gauza bat. Egunkari bat itxi dute, zortzi lagun atxilotu eta torturatu, haietako batzuk hainbat hilabetez preso eduki, 150 lagun lanik gabe utzi. Eta, zazpi urteren buruan, eragindako kalteek jada atzera bueltarik ez dutelarik, egunkaria, atxilotuak eta langileak errugabeak direla aitortu dute. Zer da? Zer izanen da ba! Auzitegi Nazionalaren, Justiziaren, zuzenbide estatuaren garaipena, jakina! A zer igarkizun erraza, ezta laguntxook? Eta, orain, ipuintxo polit bat: bazen behin Praxku izeneko mutil jator askoa, egunkari bat itxi zutelarik, egunkari horren eta haren sustatzaileen errugabetasun presuntzioa defenditu ordez, instrukzioa zeraman epailearena aldarrikatu zuena. Zazpi urte igaro eta gero, epaileek egunkaria eta haren sustatzaileak errugabeak zirela ebatzi zutelarik, Praxku mutil zintzoak esan zuen epaia justua zela eta itxiera, aldiz, bidegabekeria handia, prentsa askatasunaren aurkako eraso latza. Zer diozue? Gure Praxku unean uneko interesen arabera zuritik beltzera pasatzen zen txoriburua zela? Ui, ui, ui, ui, ui! Ene pottokiok, zein oker zabiltzaten! Ez al dizuet esan ba Praxku mutil zintzo eta jator askoa zela? Kontua da Praxkuk, demokrata peto-petoa izanik, justiziarekiko erabateko konfiantza zuela, sistemarekiko fede itsua zuela eta dena ongi aterako zela uste zuela. Bete-betean asmatu zuen, justiziak, azkenean, ederki funtzionatu baitzuen, ezta? Eta, hala izan ez bazan, sar nazatela kalabazan! Neska-mutil maiteok, laguntxook, pottokiok, bistan da helduak izanagatik ere, batzuek ume mokoak bagina bezala tratatzen gaituztela.

hau.jpg

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>