Berriro gerta ez dadin

2010, apirilak 18

Zazpi urte egin ditu Egunkaria auzia-k. Absoluzioan amaitu da oraingoan Guardia Zibilaren eskutik Auzitegi Nazionalak hasitako operazioa. Baina bizitakoa ez dute ahaztuko auzipetuek; ezta haien senideek ere. Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagaren senideekin egon da Berria. Bizipenen lagin bat baino ez da. Irakaspenen artean, hau: antolatu, horrelakoak berriro gerta ez daitezen.

IÑAXIO URIA ETA GURUTZE MANTEROLA (Iñaki Uriaren gurasoak). «Norberak bizi behar du horrelako egoera bat jakiteko zer den»

Goiz osoa irrati eta telebistarik piztu gabe pasatu dute Iñaxio Uriak eta Gurutze Manterolak, Iñaki Uriaren gurasoek. Semeak deitu behar zien epaiaren berri emateko. Urduri pasatu zuten goiz osoa, baina 12:50ean telefono hotsa. Hura hartu eta, «kito». Telefonoa utzi eta pozaren pozez elkarri muxuka hasi ziren senar-emazteak. Laster, malkoak. Emozioa nagusitu zen. Bezperan, Arantzazuko Ama Birjinarengana joan ziren. Elkarri hitzeman zioten. 82 eta 75 urte izan arren Oñatitik igo ziren kandela bat jartzeko, «egia gailendu zedin».

Alta, zazpi urte hauetan, egunak ez dira denak hain ederrak izan. Urte eta erdi egin zituen preso Uriak. Atxilotu zutenean, zarauztar batek erran zien, «orain ikusiko duzue zer den senide bat espetxean izatea». Biek onartzen dute arrazoi zuela. «Norberak bizi behar du horrelako egoera bat jakiteko zer den».

Torturatu zutela ezkutatu nahi izan zien semeak gurasoei, ez zuen ordea ama engainatu lehen bisita hartan. «Antzerkia egin zigun ezer ez erakusteko, baina susmo txarra hartu nion». Ezer ez esan arren, susmoak laster areagotu ziren. «Zer moduz?», eta semeak horrela erantzun zien beiraren bestaldetik: «Orain, zeruan». Orduz geroztik, ezer ez torturari buruz.

Zarauztar hark esan bezala, jakin zuten zer den senide bat kartzelan izatea. Batean, Soto del Realgo espetxetik Aranjuezkora eraman zuten Uria senideei deus erran gabe. Baina Soton berekin zegoen preso bati esker jakin zuten. Eta bisita ez zuten galdu abisu hari esker.

Sakabanaketaren ondorioz egin behar izaten diren milaka kilometroak egitea ere egokitu zitzaien. Gogoan dute behin gutxigatik ez zutela istripua izan. «Kamioi batek ia-ia aurretik eraman gintuen». 2003ko urte bukaera hura ere gogoan dute senar-emazteek. 2004ko otsailean, Urola Kostako Hitza abiatu zen. Semeak orduak eman zituen proiektu hartan, eta inauguratu zuten egunean hura kartzelan. 2003ko Eguberri bigarrena Aranjuezen igaro zutenekoa ere argi dute. Bisita bukatuta korridorera atera ziren, eta beste senideekin elkartuta Hator hator kantatzen hasi ziren. «Bukatu, buelta eman eta negar egin genuen berak ikus ez zezan».

Kartzelako urteetan eta ondokoetan ez dira hala ere denak gauza txarrak izan. Ederki oroitzen dira hasiera hartan Martin Ugalde zenaren emazteak, Ana Mari Martinezek eman zien laguntza. Oro har, jasotako babesa eskertu dute. Horrelakoak berriro ez gertatzeko honako hau egin behar da, Manterolaren ustez: «Elkartu egin behar dira politikariak, bestela ez da bakerik izango».

MILA OTAMENDI (Martxelo Otamendiren arreba). «Orain badirudi denek zekitela errugabeak zirela. Baina behar denean lagundu behar da»

Joan den asteburua asteburu zaila izan zen Mila Otamendirentzat, Martxelo Otamendiren arrebarentzat. Gaizki pasatu zuen, suminkor, urduri. Baina azkenean lasaitasuna iritsi zen. Anaiak deitu zion absolbituta zeudela errateko. «El Mundo.es-n atera da. Ez da oraindik ofiziala, baina minutuetakoa kontua da». Hortik aurrera, eromena izan zen: telefono deiak, mezuak… bazkaldu ezinik. Alta, pozaren artean saminak ere izan zuen tarterik. «Sufritu behar izan duguna alfer-alferrik». Burura etorri zitzaizkion Angel Acebes orduko Barne ministroaren hitzak, zioenean euskal kulturari sekulako mesedea egin ziotela.

Hark ere oso ongi gogoratzen ditu atxiloketa eguneko eta inkomunikazio bukaerako irudi horiek. Ez du ahantziko bere anaiaren irudia Sotoko kartzelatik ateratzen. Ez du ahantzi nahi ere. Susmo handia zuen torturatuko zituztela, askok lasaitu nahi izan arren, erranez zirenak zirela ikusita ez zietela deus eginen. Urrundik nabaritu zion aurpegi txarra. Anaiak, ordea, laster argitu zion zer gertatu zen, hitz egiteko zailtasunak zituela eta, belarrira: «Kristoren hostia pila eman dizkidate». Bere susmoak egiaztatu ziren. Alta, ez du uste anaia hargatik aldatu denik. «Beti bihotz onekoa izan da, eta hala jarraitzen du».

Zazpi urte hauek kezkatuta bizi izan ditu Mila Otamendik, baina tolosar batzuen jarrerak mindu dute batez ere, alegia, herrikide batzuek. Anaiaren atxiloketaren karietara egindako udal batzordean PPko eta PSE-EEko ordezkariak ez ziren aurkeztu. Anaia Tolosako semea izanda, haien eginbeharra zela uste du. «Orain badirudi denek bazekitela errugabeak zirela. Baina jendearengana jo behar da behar duenean».

Uriatarrek bezala, eskertzen du jasotako babesa, besteak beste PP eta PSE-EEko udal taldekoena izan ezik gainerako taldeena. Ez ditu, ezta ere, alderdiak eta herritarrak nahasi nahi, eta gisa berean eskertzen ditu bi alderdi horietatik hurbil izan arren beregana jo dutenak.

Irakasgairik ere atera du zazpi urte hauetan. «Berriro gertatu ez dadin, erantzun. Isilik ez gelditu. Otsailaren 22 hartan erakutsi genuen indarra erabili, eta justizia zela zioten horiek ea gorritzen diren». Ezin du ahantzi, halaber, beste egunkari bat ere itxi zutela: «Egin-ekin oroitzen naiz askotan. Horiek kartzelan daude arrazoi berdinengatik».

IRATI OLEAGA (Xabier Oleagaren alaba). «Zazpi urte hauetan bota ez nituen malkoak astelehenean bota nituen»

Interneten sartu, atera, sartu, atera eta bat-batean azaldu zen. «Egunkaria auziko bostak absolbituta». Poza sentitu zuen orduan, ikaragarria. «Zazpi urte hauetan bota ez nituen malkoak astelehenean bota nituen». Eutsitako guztia orduan bota zuen.

13 urte besterik ez zituen goiz hartan aita eraman ziotenean, baina oso ongi gogoratzen du une hura. «Autoan eraman zuten, eta han gelditu ginen ama eta ahizpa isiltasun jasangaitz hartan». Zazpi urte horietan une txar asko gogoratzen ditu, batez ere aita zortzi hilabetez kartzelan egon zenean. Atxiloketaren ondoren, berehala etorri zen bigarren kolpea, alegia aita torturatu egin zutela jakitean. «Mina sentitzen duzu, baina are okerragoa da batzuek zure aitaren esanak zalantzan jartzen dituztenean».

Ondoko hilabeteak ez ziren ez askoz hobeak izan. Astebururo aita bisitatzera joaten zen ama eta ahizparekin. «Goizeko ordu txikitan jaiki, urduri, bidaia luzea eta gure amarentzat ardura, zeregin eta kezka gehiago». Baina itzulerak ziren txarrenak. «Bera han gelditzen zen, eta guk itzuli egin behar genuen».

Bizipen horrek azkarrago heltzera behartu duela ez dauka dudarik, eta bere bizitzako aukeretan norabide batzuk aukeratzea eragin du. Zuzenbidea ikasten ari da, baina onartzen du bizi duena eta ikasten duena ezberdinak direla. «Askotan iruditzen zait ikasten ari naizena txiste bat dela».

Zazpi urte hauetatik, irakaspen ugari hartu ditu. Horietako bat honako hau: «Egin daitekeen gutxienekoa da hori salatzea, eta hortik aurrera tresnak eta bideak ireki horrelakoak berriro gerta ez daitezen».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>