Dignidad y Justicia elkarteak ez dauka Egunkaria-ren absoluzioaren kontrako helegitea aurkezteko asmorik, gaur Euskadi Irratiari jakinarazi dionez. AVT da auziko beste herri akusazioa, eta El Mundo egunkariak gaur plazaratu du biek ez dutela helegiterik aurkeztuko. Hori baieztatuko balitz “albiste ona” litzatekeela adierazi du Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkari ohi eta auzipetu izanak: “Epaia behin betiko bihurtuko litzateke eta ez genuke Gorenaren zain egon beharko”, esan du gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Uriak.
Espainiako Auzitegi Nazionalak apirilaren 12an eman zuen absoluzio epaia. Euskaldunon Egunkaria ixteko nahiko oinarririk ez zegoela ebatzi zuen. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek ETArekin “inolako harremanik” ez dutela idatzi du Egunkaria auziko epaian, eta absolbitu egin ditu. Akusazioek lana gaizki egin dutela zioen Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek osatutako epaimahaiak: “Atzekoz aurrera egin dute indukzio prozesua. Lehenbizi, erabaki da zein den ondorioa (…); gero seinale, zantzu eta aztarna bila hasi dira; eta azkenik arbuiatu egin da ondorioarekin bat ez datorren ezein esplikazio”.
Helegitea aurkezteko AVTk eta Dignidad y Justiciak “zaila” daukatela uste du Uriak, epaia “sendoa” delako eta Espainiako Auzitegi Gorenean argudio horien kontra egitea gaitza delako. AVTk eta Dignidad y Justiciak berriro “egurra” jasotzeko eta, gainera, epaiaren kostuak beren gain hartzeko arriskua ikusten dutelakoan dago, eta horregatik egin dezaketela atzera. El Mundo-n ere epaiaren sendotasuna aipatzen da akusazioek atzera egiteko arrazoi gisa.
El Mundo-ren arabera, gaur amaituko da helegitea aurkezteko epea. Uriak, berriz, beren abokatuek emandako azalpenetan oinarrituta, uste du epe hori zabalagoa dela, eta zuhurtzia eskatu du, eta epea amaitu arte helegitea sartzeko aukera baztertzerik ez dagoela adierazi du.