Berria-k Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi berriari egindako elkarrizketan hizpide izan dute Egunkaria auzia.
Azkenik absolbitu dituzte ‘Egunkaria’-ren zuzendaritzako kideak. Nola baloratzen duzu epaia?
Erabakia entzun genuenean poztu egin ginen, beste aukera batzuk bazeudelako. Poztu bai, baina amorruz bete ere bai. Ze, zazpi urteren buruan ez dakit ze magistratuk esan behar al du Egunkaria-k eta ETAk ez dutela inolako loturarik? Eta alboko kalte guztiak zer?
Euskalgintzak zuzen-zuzen jasandako erasorik bortitzenetakoa izan zen ‘Egunkaria’-ren itxiera. Zer irakaspen ekarri digu prozesu honek?
Erakutsi digu ahultasuna eta mehatxua. Ohartu ginen urteetan altxatutako proiektua, batzuek hala erabaki dutelako, bertan behera gera daitekeela, horrek ekarri zituen ondorio guztiekin: atxiloketak, torturak, itxiera, langileak kalera… Gure ahuleziaren seinale da hori, eta premia sortzen digu pentsatzeko nola blindatu euskalgintzaren proiektuak mehatxuari aurre egiteko. Pentsatu behar dugu nola sortu harresi bat antzekoa berriro gerta ez dadin.