‘Egunkaria’-ko epaia behin betikoa eta irmoa bihurtuko da

2010, apirilak 29

AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek gaur eguerdian jakinarazi dute ez dutela Egunkaria auziko absoluzio epaiaren aurkako helegiterik jarriko Espainiako Auzitegi Gorenean. Juan Antonio Garcia Casquero AVTko presidenteak eta Daniel Portero DyJkoak Madrilen prentsaurrekoa eman dute 12:00etan, hotel batean, eta aitortu dute Gorenean ere galdu egingo luketela. Gainera, orain helegitea sartu eta galduko balute, 20.000 euroko kostu judizialak eurek ordaindu beharko lituzkete, Antonio Guerrero AVTko abokatuaren arabera. 



Ondorioz, Egunkaria-ren itxiera kasuko epaia behin betikoa eta irmoa bihurtuko da datozen egunetan. Apirilaren 12an jakinarazi zuen sententzia Espainiako Auzitegi Nazionalak. 


Porterok gaur esan du euren ustez Egunkaria-k ETArekin lotura zuela -“nahikoa froga dago”-, eta hori erakusten omen duten datuak “gaizki interpretatu” zituela Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak, baina honen “borondateagatik eta iritzi irizpideengatik” eman zela absoluzio epaia. “Bihotzean min” dutela adierazi dute Casquerok eta Porterok. Honek aipatu du Egunkaria-k 60 milioi euroko kalte-ordaina jaso dezakeela orain.



Bi elkarte horiek osatu zuten herri akusazioa Egunkaria auzia-n, eta Fiskaltzaren irizpidearen aurka haien ekimen hutsez egin zuten kazetaren itxiera kasuko epaiketa Auzitegi Nazionalean; iazko abenduaren 15ean hasi zen eta otsailaren 1ean bukatu. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatutako epaimahaiak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia.

Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen “terrorismoa” goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten-.

Auzi ekonomikoan zer?

Auzi ekonomikoa zabalik dago -zortzi lagun daude auzipetuta-, eta Dignidad y Justiciak gaur jakinarazi du auzipetuen kontra “borrokan” segituko dutela. “Al Capone behin ere ez zuten zigortu hilketengatik, baizik eta iruzur fiskalengatik. Ez dut konparaziorik egin nahi, baina saiatu egingo gara”, adierazi du Porterok. Epaiketa Auzitegi Nazionalean izateko ahaleginak egingo dituztela hitz eman du DyJk, “auziak zazpi urte daramatzalako auzitegi honetan eta hemen egin behar delako epaiketa”.



Defentsak, aldiz, kasua Auzitegi Nazionaletik Donostiakora pasatzeko eskatu izan du. Izan ere, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren bidez “ustezko terrorismo delitua” desagertu egin da eta egoera juridiko berria sortu. Hau da, “‘ohiko delituari’ dagokion auzia litzateke”, zioten itxierako auzipetuek apirilaren 13an. Auzitegi Nazionalak ez du “ohiko delituak” epaitzeko eskuduntzarik -iruzurra egin izana egozten diete zortziei-.

Aldaketa onartuko balitz, auzi ekonomikoaren epaiketa Donostiako epaitegiko zigor sailean egingo lukete.

Auzi horretako operazioa 2003ko urrian egin zuen Guardia Zibilak, Egunkaria itxi eta zortzi hilabetera. Bietan Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak eman zuen agindua.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>