Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian dago Martxelo Otamendiren torturei buruzko auzia, auzitegiak tramiterako onartzen duen edo ez erabaki zain. Denbora horretan salaketari elementu gehiago batzeko aukera du Otamendik, eta Egunkaria auziko absoluzio epaia gehitzea erabaki du Iñigo Iruin abokatuak. Epaian erreferentzia egiten zaie torturei, eta hori esanguratsua dela uste du.
Honela dio epaiak: «Nabarmentzekoa da inkomunikazio aldian jasaniko tratu txarren eta torturei buruz epaituek eginiko salaketak bat datozela auzitegiko medikuek atxilotze zentroetan haiek aztertu eta gero eginiko txostenekin. Ahozko saioan zehatz kontatu zituzten tratu txar horiek, eta, hori baino lehenago, instruktorearen aurrean ere bai, eta epaitegietan salatu zituzten».