2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 'Euskaldunon Egunkaria'. Eraso judizial hark izugarrizko lurrikara politikoa eragin zuen Euskal Herrian, eta jasotako elkartasuna eta gizartearen erantzuna ere tamaina berekoa izan zen.
Kazetaria eta antropologoa da Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968). Argian, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n lan egindakoa, Jakin aldizkariko zuzendaria da gaur egun. Zortzi liburu idatzi ditu. Berriki Dabilen pentsamendua bilduma aurkeztu du Jakin-ek, EHUrekin batera. Gehiago irakurtzeko denbora hartuko luke. Eta iruditzen zaio ez dela aintzat hartzen irakurketaz eta jakintzaz bustitzen den jendearen ahalegina.
Duela zortzi urte Kubara joan ondoren, joan den ekainean itzuli zen Txema Auzmendi jesuita. Hango egoeraz hitz egin du BERRIArekin, baita euskal gatazkaz ere; tartean, Egunkaria auziaz. Auzmendi izan zen auzipetuetako bat.
Indarkeriak Andoainen (Gipuzkoa) eragindako sufrimenduari buruzko lana aurkeztu dute. 1956tik 2018ra, 11 hildako, 24 zauritu eta 78 torturatu izan dira. Lanean berariaz jaso dute 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi izana, Andoainen zuelako egoitza kazetak, eta gogorarazi dute 2010eko epaiak “prentsa askatasuneko esku sartzetzat” jo zuela polizia operazio hura. Bi ataletan jaso dute euskarazko kazetaren itxiera: batetik, prentsa, informazio eta iritzi askatasunaren aurkako erasoen arloan; bestetik, torturenean, gogora ekarri baitute 2012an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuela, Martxelo Otamendi Egunkaria-ren zuzendariaren tortura salaketa ez ikertzeagatik.
Egunkaria-ren itxiera dela-eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak Berria-ri emandako elkarrizketan adierazi du “gizarte honek erreparazio moduko bat zor” diela kazetari hari eta “haren ondorengoari”. Zati honetan dago esana.
(Berria)Gorka Landabururen elkarrizketan papereko bertsioan sartu gabeko pasadizo bat (sarean txertatua da):
»Egunkaria-ren itxieraren aurka azaldu nintzen; 2005-2007ko bake prozesuko elkarrizketen alde ere bai, eta Estrasburgora joan nintzen defenditzera… 2003an, Egunkaria itxi eta egun gutxira, gure biktimen fundazioaren bazkari bat izan zen, eta han azaldu ziren babesleetako arduradunak, baita Jose Maria Aznar ere, Espainiako orduko gobernuburua. Fernando Buesaren alargun Natividadekin nintzen mahai batean, izkina batean, eta halako batean inguratu egin zitzaigun Aznar. Esan nion oso gaizki iruditu zitzaidala Egunkaria ixtea. Erantzun zidan ez zuela berak itxi, Justiziak baizik. Ihardetsi nion egunkariak ez direla ixten. Onartezina iruditu zitzaidan itxiera.
(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Katebegi txiki bat, txikia, giltzarrapo bat lotzeko adinakoa. Indarrez itxiaren lekuko. Ate itxia. Hamabost urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Katebegia. Kate bat, jarraipenaren katea, itxiaraziari eusteko adinakoa. Itxia, baina ez isildua. Katebegia. Begi bat, orain hamabost urteko sarraskiaren ispilu. Katebegiak, kateak eta begiak gogoan, Egunkaria itxi zuteneko hamabosgarren urteurrena oroitzeko ekitaldia atzo Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Egunkaria-k han zuen egoitza nagusia, eta BERRIAk ere bai. «Katea ez da eten», aldarrikatu dute. Egunkaria-ren katean jarraitzen duela BERRIAk. Katebegiak lotzen. Katea, eta begiak.