Hamabi auzipetuei babesa agertzeko deia egin dute Egunkariako langile ohiek

2008, otsailak 11

Egunkariako langile ohiek batzarra egin zuten pasa den larunbatean Andoainen, eta ‘Gu ere epaituko gaituzte’ izeneko agiria hitzartu zuten. Langile ohiek otsailaren 20an Egunkaria itxi zutenetik bost urte beteko direla gogoratu eta urteurrenaren harira auzipetuei babesa adierazteko ekimenak iragarri dituzte, euskal gizarteari elkartasuna eskatzearekin batera.

GU ERE EPAITUKO GAITUZTE

Otsailaren 20an bost urte beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuenetik. 2003ko otsailaren 20an abiatutako zentzugabekeriaren ondorioz, 12 lagun epaiketa zain daude, neurri gabeko zigor eskaerekin: guztira 279 urteko kartzela zigorra eta 235 milioiko isuna.

Epaiketarako egunik ez dago oraindik, baina Egunkaria-ren itxierari buruzko bi sumarioetako hamabi auzipetuak epaigelarako bidean dira jada. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubeltzu eta Fernando Furundarena epaituko dituzte, euskarazko egunkariaren alde egindako lanagatik. Egunkaria-ko langile ohiek elkartasuna adierazi nahi diegu zentzugabekeria horren ondorioz neurri gabeko zigorrak jasotzeko arriskuan dauden auzipetuei.

Horiekin batera, 1990. urtean sortu zenetik Egunkaria-n lan egin genuen ehunka lagunak ere epaituko gaituzte. Eta argi eta garbi utzi nahi dugu, ez hamabi auzipetuek eta ez urteetan Egunkaria-n lanean jardun genuenok ez dugula inolako deliturik egin. Ezinezkoa zirudien garai hartan, era guztietako oztopoak gaindituz, euskarazko egunkari bat sortu eta bultzatzea izan zen gure delitu bakarra. Ondorioz, Egunkaria-ko auzipetuen kontrako epaiketarik ez egiteko eskatzen dugu.

Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko justiziarekin ez dugu batere konfiantzarik; berriki emandako epaiek, Egin egunkariaren itxiera kasu, egoerarik okerrenean kokatzen gaituzte. Horregatik dei egin nahi diogu euskal gizarteari babes ditzan Egunkaria kasuko auzipetuak eta salatu ditzan euskararen eta adierazpen askatasunaren kontrako era guztietako erasoak.

Amaitzeko, Egunkariaren Alde Elkarteak antolatuta otsailaren 20aren harira egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Egunkaria-ko langile ohien batzarra
Andoain, 2008ko otsailaren 9an

2 Comments »

  1. Orduan bezala, orain ere, gure elkartasuna adierazi nahi diegu Egunkariko langile eta hauziperatuei eta oro har, Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiteagatik erasotuak diren guztiei. Behar duzuenerako. Mila esker eta jarrai lanean.
    Aritz Sound System, Hernaniko Molotoff Irrati Libreko lagunen izenean.

    Comment by Aritz USandizaga — 2008(UTC)k2008 otsailaWed, 20 Feb 2008 17:23:47 +0000UTC2 20(pm) @ 17:23

  2. Kaixo!

    Pozten naiz eta eskertzen da zuen ekimena. Ez dakit ohitura duzuen baina nire azken lanak zuoi aurkezteko gogoak ditut. Palazaz plaza nabil azken hiru urteotan ta nik uste zuek ere gonbitea merezi duzuela. Are gehiago, zuon iritziak nahi nituzke jaso.

    Zuen erantzunaren zain, lasai asko.

    Zaindu!

    Comment by Ahoztar Zelaieta — 2016(UTC)k2016 martxoaFri, 11 Mar 2016 10:18:49 +0000UTC3 11(am) @ 10:18

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>