Xabier Letona (‘Argia’)
Pozarren hartu zen Egunkaria auziaren atal ekonomikoa bertan behera geratzearena –oraindik itxieraren azken urrats judiziala eman gabe badago ere, hala izango dela uste baita–; eta poztekoa da bereziki auzipetuengatik eta haien gertukoenengatik, beste hamaika balorazioren gainetik, pertsonak behar duelako lasaitasun maila bat bizitzeko. Baina pozaren segidan da haserrea, amorrua, sumindura, besteak beste, auziaren bueltan azken hamarkadan gertatutako kalte asko konponezinak direlako. Tortura ezabaezina da, Egunkaria ez da berriz zabalduko, langabezian geratutako langileak ez dira 2003ko otsailaren 20ko haien lanpostura itzuliko, espetxean igarotako hilabeteak itzuli ezinak dira…
Eta orduan zer? Orduan kalte-ordaina beharko litzateke, baina jasoko den esperantza handirik ez da, batez ere Espainian gaur egun agintzen dutenekin. Eta hemendik bost edo hamar urtera aginte makila esku demokratikoagoetan balego? ETAren biktimek aitortza eta kalte-ordaina merezi badute, zergatik ez Egunkaria-ren aferak harrapatutako guztiek? Estatuaren erantzuna: justizia perfektua ez delako eta, azken finean, amaiera hau berau delako, justiziaren funtzionamenduaren erakusgarri. Hori da Egin egunkariaren itxierarekin Madrilek esan zuena, edo Egunkaria auziko atal nagusiko auzipetuen absoluzioarenean, edo Espainiako justiziaren beste hainbat eta hainbat gehiegikerien ondoren erantzundakoa.
Pertsonen duintasunari erasotzeaz gain, zauria irekita uzteaz gain, Espainiako demokraziaren gabeziak are eta nabarmenago agertzen dira gisa honetako Estatuaren jokabide hauekin. Eta tantaz tanta, Espainiako Justiziaren higadurak Estatuaren sinesgarritasuna jan du euskal gizartean. Nola ez ote dira konturatuko bide horretan euskal gizartetik gero eta urrutiago daudela? Boterearen ajeak dira, agintearen inpunitatearen elikagai, baina halakorik ikusteko gai ez dena gizartearen lehen lerroetatik desagertzen da.
Euskal gizarteko indar politikoen artean ez da zalantzan jartzen ETAren biktimek behar duten kalte-ordainaz eta aitortzaz, nahiz eta horren gauzatzeari buruzko desberdintasunak handiak izan. Espainiako legediaren izenean, adibidez, preso baten argazkia publikoki agertzea nahikoa da berau ETAren biktimekiko iraintzat hartu eta zigortzeko. Edo askok pentsatzen dute ezker abertzalea urrutiago joan beharko litzatekeela bere autokritikan edo… Baina inork ez du zalantzan jartzen kalte-ordaina eta aitortza behar dutela.
Memoriarena beste borroka esparru bat gehiago da azken finean, negoziazioz edo inposaketaz bidera daitekeena. Negoziazioz egiten bada egonkorrago eta sustraituago garatuko da. Inposatutakoa noizbait lehertu egingo da eta ez da eraginkorra izango bizikidetzari begira. Baina gainera, ezin da guztiz debekatu edo inposatu, herritarren ehuneko esanguratsu batek hala gura badu topatuko duelako beretarren memoria jorratzeko modu eta lekua, izan Aritxulegin, Larrunen edo Anboto puntan. Oroitzea baino, nola baita kontua, eta hobe hori ere elkarrizketaren bidez adostea, Guardia Zibilak zer bai eta zer ez erabakitzea baino. Irlandako iparraldeko kaleetan ibiltzea bera, esaterako, hainbat memoriatan murgiltzeko egiazko ariketa da. Presoak hurbildu edo askatzeko Madrilgo giltza ezinbestekoa da, baina bake prozesu batek behar dituen gainerako osagai guztietarako ere bai? Bada sasoia PPk eta PSOEk bake prozesu serio bati hel diezaioten eta egiten ez badute, gainerako indarren artean egin beharko litzateke bidea.
Presoen adibidea: Eusko Legebiltzarrak euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeari buruzko eskaria onartu zuen iragan astean, zazpigarrengoz. PP eta PSE aurka. Ados, haiek dute giltza eta haiek erabaki arte hurbilketak jai. Baina ez dute herritarren kontzientziaren giltzarik eta hori barik, lehenago edo geroago, PPk eta PSEk jai. Bakoitzak bere izaerarekin, baina bada bake prozesuarekiko bestela jokatzeko garaia.