Eusko Jaurlaritzako lehendakari denetik —iazko maiatzean hartu zuen kargua—, Twitter bidezko bere bigarren elkarrizketa eman du gaur Patxi Lopezek —argazkian, elkarrizketa saioan— eta, besteak beste, Egunkaria auzia-z galdetu diote, ea zer espero duen. “Beti esandako gauza bera espero dut: justizia”, esan du Lopezek. “Deliturik egin ez dutenak horrela epaituak izatea espero dut”.
Auziak zortzi urte daramatzala gogoratu du lehendakariak —zazpi daramatza, 2003ko otsailean itxi zutelako Egunkaria—, eta aitortu du hainbeste denboraren ondoren oraindik epairik egon ez izanak “jendearengan zalantzak” sor ditzakeela “Justiziaren sistemaz”. “Kasu honetan baino azkarrago jokatu behar du Justiziak”.
Lopezen Twitter elkarrizketan Egunkaria-ri buruzko zatia bideoan: 43.11-43.54.
Eusko Legebiltzarrak Egunkaria auziko bost auzipetuak absolbitzeko eskatzen duen adierazpena onartu zuen otsailaren 25ean. Aralarrek eta PSE-EEk adostu zuten mozioa, eta alderdi horietako parlamentariek, EAJkoek eta EBkoak babestu zuten.
Otsailaren 2an, berriz, auzia “behin betiko” amai dadila nahi duela zioen Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak (hemen haren adierazpena).