“EUSKALDUNON EGUNKARIAREN” ITXIERA BERTAN BEHERA UZTEAREN ETA HIRITAR EUSKALDUNEN ADIERAZPEN ASKATASUNA ETA INFORMAZIO ESKUBIDEA ERRESPETATZEAREN ALDEKO ADIERAZPENA. (more…)
Europako Parlamentua
Iñaki Uria: “Hurrengoak Euskaltzaindia edo Eusko Jaurlaritza izan daitezkeela erakutsi digute”
Nola izan zen atxiloketa?
Bakarrik nengoen gaueko 01:15 inguruan, lotan. Tinbre hots eta danbateko artean neronek ireki nuen atea. Guardia zibilak ziren. Etxea miatu eta eskuburdinez besoak bizkarrean Andoainera eraman ninduten, burua estalita. Handik Intxaurrondora, uste dut, eta handik Madrilera. Intxaurrondotik Madrilerako bidean hasi zen galdeketa, modu onean. Lagun giroa sortu nahi dizute eskuburdinez lotuta eta begiak estalita zoazela. Surrealista zen, zinera joango bagina bezala. Baina etengabe galderak. Nolakoa zaren ikertzen dute lauzpabost ordu horietan, zure erreakzioak, dena apuntatzen dute. (more…)
Plataforma per l’Egunkaria
Euskal Herritik kanpo kataluniarrak izan dira Egunkaria-ren itxieragatik protesta gehien egin dutenak. Guardia Zibilak Egunkaria-ren kontrako operazioa egin zuen egunean bertan Herrialde Katalanetako 23 elkartek manifestu bat sinatu zuten Egunkaria-ren itxiera adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen kontrako eraso bat zela esanez. Hortik abiatuta, Egunkaria-ren aldeko kanpaina batean parte hartzeko prest leudeken guztiak batzar batera deitu zituzten otsailaren 26an, eta hortik sortu zen Plataforma per l’Egunkaria.
Ekitaldi andana antolatu ditu Herrialde Katalanetako 75 elkarte politiko, sozial, kultural eta sindikal batzen dituen plataforma horrek: protesta ekitaldiak, harreman instituzionalak, hitzaldiak, kontzentrazioak…. Baina guztien artetik bat nabarmentzen da: Sant Jordi egunean, apirilaren 23an, Egunkaria katalanez publikatu zuten. Egunkaria Endavant mantxetarekin 30.000 ale banatu zituzten.
Iñaki Uria: “Operazioa politikoa da”
Zeri buruz galdetzen zizuten?
Ia dena Egunkaria-ri buruz. Egunkaria-n omen zegoen ETAren ordezkariaren izena ematea nahi zuten. Esan nien nekiena esango niela, ez beraiek entzun nahi zutena: ez zegoela ETAren ordezkaririk, erabakiak geuk hartzen genituela, Egunkaria ezker abertzale ingurutik sortu arren irekia eta zabala zela… Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka aipatu nizkien, eta esan zuten hildakoak bakean uzteko, bizirik zeudenen izenak nahi zituztela. (more…)
Herri Batzordeak berriz lanean jarri
Egunkaria-ren sorreran, 1990. urtean, funtsezkoak izan ziren Herri Batzordeak. Guztira 185 batzorde sortu ziren, 143 herritan. 3.000 lagun inguru aritu ziren euskarazko egunkaria kalean jartzeko dirua lortzen, egitasmoa ezagutarazten… Haien lanari esker lortu ziren Egunkaria argitaratzen hasteko ezinbestekoak ziren 300.000 euroak (orduko 50 milioi pezeta / 2 milioi libera).
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Egunkaria itxi eta berehala hasi ziren lanean Herri Batzordeak, guztiz beren kasa zenbait kasutan eta Egunkaria-ko lan taldeak berak bultzatuta beste hainbatetan. Sustraietara itzuli zen berriro ere proiektua. Aspaldi ikusi ez bezalako mugimendua eragin zuen herrietan Egunkaria-ren ixteak. Gasteiz, Baiona, Zarautz, Iruñea, Miarritze, Durango, Getxo, Tutera, Arrasate… Ezinezkoa litzateke hemen denak aipatzea; ekimena abiatu eta hilabetera, ehun herri batzorde baino gehiago ari ziren lanean. Funtsezkoa izan den lana egin dute herrietan: itxiera salatzeko mobilizazioak, Egunero-ren harpidetzak, material salmenta….
Idazleen manifestua — Egunkaria: Hitzaren lekua
Euskaldunon Egunkaria itxi dute, eta horren aurrean euskal idazleok mundu osoan bezala Euskal Herrian ere, errealitatearen eta egunkarietan agertzen diren berrien artean zabaldutako leize sakon eta arriskutsuaz ohartaraziz, gure hitzarekin amildegi hori ixten lagundu nahi dugu. Horretarako, zerbait esan nahi dugu EGUNKARIAren itxieraren inguruan: (more…)
Torrealdai: “Jendeak ulertu du, zorionez, erantzun bateratu iraunkor bat eman behar dela”
Martxoaren 13an Soto del Realen datatua dago Joan Mari Torrealdairen erantzunak jasotzen dituen gutuna, azkenean, postaz bidali beharrik gabe, eskura eman ahal izan diguna Egunero-kooi. (more…)
Txema Auzmendi: “Jota nengoen inkomunikazio egunetan, baina beti egon naiz oso tinko”
Txema Auzmendi martxoaren 15ean atera zen kartzelatik, 12.000 ¤-ko bermea ordaindu ostean. Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkariak martxoaren 16-ko Egunero egunkarian erantzun zituen galdera hauek. (more…)
Elkartasun Eguna
Jasotako atxikimendu guztiei erantzunez, Egunkaria-ri elkartasuna adierazteko eguna antolatu zuten martxoaren 13an Kontseiluak eta Egunkaria-ko langileek. Gizarte eragileekin, alderdi politikoekin, euskalgintzako ordezkariekin eta sindikatuekin bilerak egin ostean erabaki zuten elkartasun egunera deitzea, «erantzun dinamika askotarikoa eta zabala» egiten jarraitzeko eskatu baitzuten guztiek. Bakoitzak bere alorrean eta ahal zuen moduan Egunkaria-ren itxieragatik protesta egitea zen asmoa.
Elkartasun egunarekin bat egiteko, ordubeteko lanuztera eta Bilboko Kasillan ekitaldi sozial bateratura deitu zuen gehiengo sindikalak martxoaren 13rako. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, ELB, Hiru eta EGAS sindikatuek egin zuten deia. Bai goizean deitutako lanuztea eta bai arratsaldean Bilboko Kasilla kiroldegian egin zen ekitaldia arrakastatsua izan zen erabat. Oro har, elkartasun egunari emandako erantzuna oso zabala eta askotarikoa izan zen; «Ideia eta iritzi politikoen gainetik, gizarteak bat egin du Bai euskarari eta Egunkaria aurrera esatearekin», adierazi zuten Egunkaria-ko langileek eta Kontseiluak. Gerora oso garrantzitsua izan den beste ondorio bat ere atera zuten elkartasun egunetik: «Egunkari berria lehenbailehen kalean ikus dezagun laguntzeko prest dagoela erakutsi du euskal gizarteak».